single

ARTISTAK

Emile Parisien Quintet: Sfumato, ft. Michel Portal & Vincent Peirani

0

Emile-Parisien-Quintet-(c-Manfred-Rinderspacher)WEB

Émile Parisien (saxo sopranoa), Roberto Negro (pianoa), Manu Codjia (gitarra), Simon Tailleu (kontrabaxua), Mario Costa (bateria). Musikari gonbidatuak: Michel Portal (klarinetea, saxoa), Vincent Peirani (eskusoinua)

Émile Parisien, 36 urterekin, Europako jazzaren berritzaile nagusietako bat da. Prestakuntza tekniko sakoneko musikaria da: berdin inspiratzen da Igor Stravinskirengan nola John Coltranerengan, eta horrek nolabaiteko izaera espresionista ematen die haren konposizioei. Frantzian jazzeko artistei ematen zaizkien sari garrantzitsuenak irabazi ditu jada: Django Reinhardt saria, 2012an, eta 2014 eta 2017ko Victoires du Jazz sariak, azkeneko hori Sfumato diskoagatik, hain zuzen.

MICHEL PORTAL: DONOSTIAKO JAZZALDIA SARIA

Michel Portal baionarra, jazzeko euskal musikarien dekanoa, artista sailkaezin horietakoa da, ustez mugiezina denari erronka egiten diona eta mundu guztia harritzen duena jotzen dituen musika-tresnetan erakusten duen maisutasunagatik. Klarinete-jotzaile aparta da, ezaguna musika klasikoaren munduan egin dituen Brahms eta Mozarten interpretazioengatik. Batez ere klarinete baxuan nabarmentzen da, Eric Dolphyren lorratzean, baina ez da atzera geratzen saxo altuarekin (hasieran Paul Desmond-en eraginpean), tenorrarekin eta sopranoarekin ere. Eta bandoneoia ere jotzen du. Instrumentu aniztasun horregatik, musikari buruz dituen ideiengatik eta agertokian inprobisatzeko duen ahalmenagatik, Michel Portal lehen mailako artista da Europako jazz free deituaren barruan. 1971n, egitura irekiko Unit proiektua jarri zuen abian, zeinak laborategi musikalaren rola jokatu baitu mugaz bestaldeko abangoardiako hainbat musikarirentzat. Portalek, elementu formal minimo batzuetatik abiatuta, agertokian bertan lantzen den obraren dimentsio kolektiboa aldarrikatzen du, baina konpositore gisa ere nabarmendu da, zinema eta telebistarako musika asko idatzi baitu.