single

Heineken Jazzaldiak ziklo bat eskainiko dio egungo japoniar jazzari

0

Eri-Yamamoto-Web

Japoniako bost bakarlarik eta taldek hainbat estilotako musika eskainiko dute hamabi kontzertutan

Madrilgo Japonia fundazioarekin lankidetzan, 54. Heineken Jazzaldiak ziklo bat programatu du non japoniar jazzeko bost bakarlarik eta taldek parte hartuko duten. 5 talde eta solista horiek 12 emanaldi eskainiko dituzte guztira, eta musikari batzuek hiru egunetan joko dute.

Hautatutako artista eta talde hauen ezaugarri bat da pianoa eta gitarra instrumentu solistak direla talde guztietan. Bost proiektuetatik hirutan emakumezko instrumentistak izango dira zuzendariak.

Japoniako zikloa Heineken Jazzaldian: Pianoa eta gitarra

Fox Capture Plan

Tsukasa Inoue (bateria), Hidehiro Kawai (baxua), Ryo Kishimoto (pianoa)

Fox Capture Plan taldea da egungo power jazz korrontea Japonian ongien ordezkatzen duenetako bat. Hiruko honek –piano elektrikoa, baxua eta bateria– energia harrigarria erakusten du bere emanaldietan. Jazzaren testuingurua gainditu eta mota guztietako publiko gazteetara hurbildurik, protagonista bihurtzen dira Japoniako jaialdi handietan, puntako rock taldeekin batera.

Ai Kuwabara Solo

Ai Kuwabara The Project

Ai Kuwabara (pianoa), Keisuke Torigoe (kontrabaxua), Senju Muneomi (bateria)

Ai Kuwabara neska gaztea den arren, Japonian proiekzio handienetakoa duen artista jotzen dute jada. Kuwabararen The Project hirukoa, izan ere, herrialde hartako jazzeko banda estimatuenetakoa izateaz gainera, hainbat filmetako eta telebistako serie bateko (Dear Family) soinu-bandaren egilea da, eta horrek egundoko ospea eman die Japonian.

Goshu Ondo: Eri Yamamoto Trio + Easo abesbatza

Eri Yamamoto Estatu Batuetan hamar urte baino gehiago daramatzan pianista japoniarra da. Han garatu du bere karrera, baina horrek ez du esan nahi bere jatorriaz ahaztu denik. Argi ikusten da hori konposatu duen azken piezan: Goshu Ondo, zeina gure hirian aurkeztuko baitu, Easo abesbatzarekin batera, lehen aldiz Europan. Jazzeko hirukoarentzat eta koruarentzat idatzitako lan hori japoniar harmonien eta jazzaren fusioan oinarrituta dago.

Rei

Japoniar blues-popeko izar berria da Rei. Abeslaria da, baina, batez ere, gitarrista. Multinazional batek fitxatu berria du, oharturik, segurki, zer nolako potentziala duen emakume karismatiko honek, instrumentista gisa.

Yuki Arimasa-Ryo Ogihara

Yuki Arimasa (pianoa), Ryo Ogihara (gitarra)

Jazzean, kontuak kontu eta esanak esan, nekez gertatzen den zerbait da piano eta gitarra duoak guztiz asegarriak suertatzea eta  bi instrumentisten arteko elkar-ulermena perfektua izatea. Baina horixe gertatzen da Yuki Arimasa pianistak eta Ryo Ogihara gitarra-jotzaileak osatzen duten bikotean. Musika gozagarri aparta, bi musikari paregaberen eskutik.

 

Sarrerak salgai otsailaren 21ean

54. Heineken Jazzaldiko kontzertu ordainduetarako sarrerak otsailaren 21ean jarriko dira salgai. Egun horretan kontsultatu ahal izango da Jazzaldiaren webgunean, www.heinekenjazzaldia.eus, kontzertu guztiak barnean hartzen dituen programa osoa.

Logo Japan Foundation